Izkiko Natura Parkea
- Sorkuntza: 1998ko maiatzaren 4an Natura Parkea izendatu zen.
- Hedadura: 9.143 hektarea.
- Osatzen duten udalerriak: Apellaniz, Antoñana, Atauri, Arluzea, Korres, Durruma Kanpezu, Maeztu, Markinez, Kinta, Urarte, Urturi eta Birgara.
- Sarbidea: Gasteiztik sarbide nagusietako bat A-132 errepidea da Azazetako mendatetik Maeztu aldera. Bernedo aldera A-126 errepidetik ere sar daiteke.
- Altitudea: Parkearen puntu altuena Kapildui mendiari dagokio 1175 m-rekin eta baxuena Bujandara 600 m-rekin.
Deskribapena
Deskribapena
Izkiko Natura Parkea Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren parke handiena da. Kareharrizko mendiz inguratuta dago, eta horietako batzuk, Durruma Kanpezuko Muela edo Soila bezala, harkaitz handiak erakusten dituzte. Gailur hauetatik zein San Justi, San Kristobal edo Kapilduitik bista panoramikoak bikainak dira.
Landaredia
Landaredia
Funtsean Izki ameztia bada ere, Izkiko mendietan beste zenbait baso sakabanatzen da: pagadiak, artadiak, altzadiak, erkameztiak, urkidiak, baso mistoak, lertxundiak, hariztiak eta abar.
Soila mendiaren magalean hainbat arrazoi direla kausa “Aparteko Zuhaitz” izendatutako hagin bat (Taxus baccata) eta ezki bat (Tilia platyphylos) daude.
Zenbait erreka txikik harana zeharkatzen dute: Izki errekak, Molino errekak eta Berrón errekak. Gune batzuetan ura azaleratzen da eta putzuak nahiz zohikaztegiak sortzen dira. Hezegune horietan anfibio eta hegazti aipagarri ugari txilinporta txikia, murgil handia eta abar azaltzeaz gain, balio handiko lore sorta ederra ere ikus daiteke, besteak beste nenufar zuria eta landare karniboro anitzak.
Fauna
Fauna
Izkiko zeruetan hegazti ikusgarriak dabiltza hara eta hona, baso zabalen gainetik: arrano beltza, belatz handia, sai zuria eta sai arrea. Hauek guztiek Izkiko kareharrizko amildegietan egiten dute habia.
Goialdeko larre zabaletan behiak, behorrak eta ardiak elikatzen dira. Bertan gizakiaren presentzia nabari daiteke. Parkearen barrualdeko herrigune bakarra (jendea bizi dena, behinik behin) Erdi Aroko kutsua duen Korres dugu.
Izkik oso fauna anitz eta ugaria du: Parkeko espezierik bereziena okil ertaina (Dendrocopus medius) da, zeren Izkiko ameztiek penintsula osoko kopururik handienetako bat gordetzen baitute. Guztira, 151 ornodun ezberdin aurkitu ditzakegu (mirotz urdina, zapelatz liztorjalea, basurdea, azeria, azkonarra, baso-igel jauzkaria, martin arrantzalea…).
Ibilbideak
Ibilbideak
Parkearen barruan 15 ibilbide edo bidexka markaturik daude, bertan murgiltzen diren guztiek hango fauna eta flora goza ditzaten.
Parkeko informazio-gunea Korresen dago, hau da, parkearen barrualdeko herri bakarrean, Erdi Aroko jatorrizko diseinua gorde duena.
- 945 41 05 02
- Email: parqueizki@parquesalava.net