IZKI Parke Naturala / Erakusketa: “Naturaren hIZKItegia”
Erakusketa batek Arabako Mendialdeko flora eta faunaren berezko hitzak bildu ditu
Izkin, naturarekin lotutako hitzen aberastasuna ezaguna da, eta 2017az geroztik, terminoak biltzen ari dira, herrietako bizilagunei egindako elkarrizketa pertsonalen bidez. Izan ere, zenbait bizilagunek gogoan dituzte oraindik fauna, flora, fenomeno meteorologikoak eta geografia gorabeherak izendatzeko moduak, nahiz eta batzuk galduta egon.
150 termino inguru jaso ditu Andoni Llosak, hizkuntza plangintzan eta naturalismoan diplomadunak, eta argitalpen espezifikoen eta zabalkunde jardueren bidez ari dira ezagutarazten.
2023an, Izkiko Parke Naturalaren 25. urteurrenaren barruan, lan hori zabaldu nahi izan da, aldi baterako erakusketa baten bidez. “Naturaren hIZKItegia” izeneko obra horien multzoak bertako fauna eta flora izendatzeko Izkiko bizilagunek erabiltzen dituzten terminoetako batzuk erakusten ditu, Estíbaliz Aguirre artean gradudun eta ilustratzaileak egin dituen 21 irudiren bidez.
Erakusketa Korresko Parketxean egongo da ikusgai, 2024ko Aste Santura arte.